|
Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroak sortu, antolatu eta martxan jartzen dituen Dekretua onartu du. Honen helburua administrazio jarduera erraztea eta antolatzea izango da eta herritarrek, erregistro komun baten bitartez, dagozkien izapideak zabaldu ahal ditzaten.
Honela, Dekretuaren arabera EAEko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomoetan aurkezten diren eskaera, idatzi eta komunikazio guztiak erregistratuak behar dute izan, horiek bertako Administrazioaren edozein organori zuzenduta doazenean edota 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak aurreikusten duen edozein Administrazio publikori zuzentzen zaionean, beti ere dokumentuaren, eskaeraren eta idatziaren igorlea nor den jakin denean.
Honi esker, edozeinek berme guztiz aurkeztu ahal izango du idatzi, eskari zein komunikazioren bat Administrazioaren edozein organotan, nahiz idatzia ez egon organo horri zuzendua.
Horretarako, barne birrantolaketa eta koordinazio lanak oso beharrezkoak izan dira. Honen guztiaren emaitza erregistro orokorren eta berezien sistema izan da, baliabide informatikoez baliatuz, komunikazio arina eta gardena bermatzen duena.
Erregistro elektronikoa
Dagoeneko, Jaurlaritzaren zenbait zerbitzutan erregistro elektronikoa martxan dago baina etorkizunean erabiltzaileen kopurua ugaritzen joango dela aurreikusten denez, honek araudi propioa ere eskatzen du administrazioko profesionalei eta herritarrei segurtasun juridikoa eta operatiboa eskaintzen diena.
Halaber, erregistro orokor eta bereziez gainera, sistemak zazpi egunetan eta edozein ordutan erabiltzeko aukera ematen du, beti ere on line teknikak erabiliz egin daitezkeen prozedura elektronikoen esparruan.
|